
Txelu Angoitia Gutierrez
Argazkilari familia batean hazi zen. Londresen “argazkilaritza eta bideogintza” ikasi ondoren, Magnum agentziako argazkilariekin trebatu zen. Kazetaritza grafikoa eta publizitatea lantzeaz gain, argazkilaritza soziala eta proiektu solidarioak be egin ditu, dokumentalen bitartez. Duela 25 urtetik hona, argazkilaritzako tailerrak eta ikastaroak eskaintzen ditu. Erakusketa ugari eta komisario-lanak egin ditu. Liburu ugariren edizioa koordinatu du, batez ere argazkigintzakoak. Gaur egun Astola kultur aldizkaria zuzentzen du.
Gerediaga elkartetik, Memoria Historikoa berreskuratzeko hainbat proiektutan lagundu du. Bere arlo pertsonalenean, "Paralelo21" (2005), "Angst" (2013) eta "Tanger Dream" (2017) saiakuntza fotografikoak argitaratu ditu.
Literaturaren eta argazkigintzaren arteko harremanetan interesatua, bere argazkigintzak dokumentalismo subjektibo baterantz eboluzionatu du, emozioak adieraztera eta errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak aztertzera bideratua.

Indalecio Ojanguren Arrillaga
Ojanguren argazki bildumaren balio historikoa, soziala eta antropologikoa, Indaleciok berak urteetan zehar Euskal Herriko txokoetan egindako mendi irteera eta txangoetan bildutakoak, itzela da. Indaleciok berak Euskal Herriko lau ertzetan egindako mendi irteera eta bisiten emaitza. 1887. urtean Eibarren jaioa, XX. mende hasieran argazkigintzan hasten da eta bere mendizaletasuna bisitatuko dituen hamaika herritar, kokapen eta mendi irteerekin batera uztartuko du. Mende hasieratik eta 60ko hamarkada arte bere lana makina bat egunkari eta medioetarako garatu zuen, 1972. urtean zendu zelarik.
Bilduma, 8000 argazki baino gehiagoz osaturik dagoelarik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1966. urtean eskuratu zuen eta makina bat pasadizoren ondoren, Tolosan kokaturiko Gipuzkoako Artxibo Orokorrean digitalizatua eta katalogatua izan zen eta Koldo Mitxelena Kulturgunean herritarren eskura utzi zen doan kontsultatu zezaten. Plataforma honekin, gure gaiari dagozkion argazkietarako sarbidea erraztuko dizuegu.

Julen Uribe Leanizbarrutia
Berrizko "bizitza osoko" argazkilaria. Zaila izango litzateke bere ibilbide profesionalean egindako kolaborazio eta lan guztiak laburbiltzea. Batzuk aipatzearren: lankidetza Eusko Jaurlaritzarekin (estatistika saila, Emakunde...), udalekin (Berriz, Durango, Mallabia, Zaldibar, Garai, Elorrio, Gorliz, Plentzia, besteak beste), publizitateko argazkilaria hainbat enpresatan eta, batez ere, lankidetza estua pilota, herri kirolak eta txirrindularitza arloekin. Gaur egun, Baiko, Aspe, Nazioarteko Pilota Federazioa eta Euskadiko Pilota Federazioa enpresetako argazkilaria da.
Eta ikuspegi artistikotik honako hauek nabarmendu behar ditugu: Bilboko Museoko Arte Galeriarako laminen erreprodukzioa, Atxondo bailarako gida berdea, disko-azalak (Imanol, Hertzainak, Paco Ibañez, Luhartz, George Moustaki, Benito Lertxundi, La Ochoa...), aldizkariak ("Sakoneko txirrindularitza", "Club frontón", "Euskal motor", "Euskadi Bici", "Norte Motor"...), kulturako pertsona ospetsuen erretratuak eta omenaldiak (Eduardo Urcelai, Balendin Lasuen, Alejandro eta German Aldekoa, Xabier Amuriza, Marino Lejarreta, García Ariño, Atano III, Retegui...), Agustin Ibarrolaren basoa.
Herrian ez dago Julenek argazkirik atera ez dion ekitaldirik, eta bere lanari eta lankidetzari esker, argazki-bilduma honetaz gozatu ahal izango dugu.