Gure historia. 1950era arte
Berriz herriaren lehen aztarnak megalitiko garaikoak dira. Oiz mendiaren magalean aurki daitezkeen trikuharriak eta tumulua, herri nomadei dagozkie. Eta herri nomada hauek batu eta auzo txikiak sortzen dira. Horrela, XV. menderako sei kofradia edo auzo daude: Sarria, Andikoa, Sallobente-Mendibil, Okango, Eitua eta Murgoitio.
Berriz Nafarroako erresumakoa zen, 1076an Gaztelako Alfontso VII erregeak okupatu zuen arte, eta ondoren, 1200ean, Alfontso VIII erregeak okupatu zuen. Azken horrek, 1212an, Bizkaiko Diego Lopez de Haro II jaunari laga zion. 1000. urtetik XIII. mendera bitartean, oparoaldi ekonomikoa izan zen eta horrek hazkunde demografiko nabarmena ekarri zuen. Baina ondorengo krisialdiak, Jaurerriko jauntxo feudalen arteko Bandoen Gerra eragin zuen. Orduko hiru dorretxe dokumentatzen dira; Berrizkoa, Larizkoa eta Arriakoa, jauregi errenazentista bihurtu zirenak (XVI. mendean).
Ondoren, eskualdeak hazkunde industriala biziko du eta Berrizko errota eta burdinolak dira horren adierazle. XVIII. mendean krisia gertatu zen foru-erregimenean. Krisi hori areagotu egin zen XIX. mendean zehar, Espainian gertatu ziren gatazkekin. Eta XX. mende hasieran, errota eta burdinola zaharrak irin-fabrika eta paper-fabrika bihurtu ziren eta hauetako batzuk, zentral elektriko bihurtu ziren.


Gure historia. 1951 - 1980
1957an, Berriz nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi zen oraindik, baina industrializazio-prozesua martxan zegoen; jende asko etorri zen kanpotik eta honekin batera, hirigintza-garapena hasten da. Sasoi hartan, galdaketa-, forjaketa- eta estanpazio, torlojugintza-tailerrak sortu ziren. Horrez gain, elektrizitatea sortzen duten zentralak, zerrategiak eta arotzeriak ere bazeuden. Industria-sustapenerako eta ekonomia-hedapenerako beharrezko baldintzak hurrengo hogei urteetan eman ziren. Izan ere, Bizkaiko beste herri batzuetan gertatu zen bezala, Berrizko enpresek bertako zein kanpoko eskulan ugari erakarri zuten. Urte gutxiren buruan, biztanleria bikoiztu egin zen, eta industria sektorea, batez ere metalaren adarra, aberastasun ekonomikoaren iturri garrantzitsu bihurtu zen. Eta industrializazioak aurrera egin ahala, Olakueta herriaren erdigune bihurtu zen. Berriz herria, aro berrirako prestatzen ari da eta etxebizitzak, kaleak eta instalazioak eraikitzen hasten dira.

Gure historia. 1981 - 2000
Euskal lurraldea, urte hauetan, gizartearen dimentsio guztiak zipriztintzen dituen krisi ekonomiko batek markatzen zuen. Industria-sare tradizional osoari eragiten zion. Eta krisi horrek gure udalerriari ere eragin zion. Egoera horrek hondoa jo zuen 80ko hamarkadaren erdialdean langabeziarekin, drogekin, hiesarekin. Krisiak hainbat gizarte-mugimenduren hasiera bultzatu zuen. Berrizen ere asoziazionismoak aurrera egin zuen eta gazteek aisialdirako espazio propioa sortu zuten "Hiltegixe" Gaztetxearekin eta "URRATS" eta "Berrizko Gaztedi" aisialdi taldeekin. 90eko hamarkadatik aurrera, SEI URTE bezalako lehenengo musika taldeek herriko ibilbide musikala sendotuko zuten. Eta zer esanik ez, Alejandro Aldekoa txistulariak utzitako ondarea. Bere gidaritzapean, ibilbide luze eta oparoa egin dute herriko SAN LORENTZO ETA IREMIÑE dantza taldeek. Bestalde, kirol munduan Berriz herria ezaguna egiten da Marino Lejarretarekin "Berrizko ihia" (Junco de Berriz), Berasaluzetarrekin (pilota) eta eremu gastronomikoan "Berrizko txuletarekin".

Gure historia. 2001 - 2020
Berrizko udalerria hazten ari da, batez ere zerbitzuei dagokienez. Udaletxea Markesaren Jauregira lekualdatzen da eta Jauregi eremuko ateak irekitzen dira. Eta kirol jarduera goraka doa udal instalazio berriei eta Berriz K.E, Oizpe, Saskibaloi talde, Berriz Txirrindulari Elkarte... eta BERRIZ ERE eta AMARAUNE bezalako mendi taldeei esker.
Kulturari dagokionez, aipatzekoa da Xabier Amurizak eta Miren Amurizak utzitako ondarea, herrian bertsolaritzaren aitzindari izateaz gain. Eta Berrizko "Musika Etxeak", Berrizko Rock Elkarteak (BREA) ordezkatutako musika talde askori babesa ematen jarraitzen du. Historikoki kezka soziala erakutsi duen udalerria da, kultura- eta gizarte-arloko hainbat elkartetan islatzen dena.


Gure historia. 2021etik gaur arte
Berrizko udalerria ez dago pandemiaren ondorioetatik eta aldaketa sozialetatik kanpo. Krisi politiko eta ekonomikoaren ondorioz, migrazio-olatu handia bizi du gizarteak. Eta sasoi honetan, eskualdeko lehen Harrera Zentroa “Olakueta Etxea” Berrizen kokatzen da; aldi baterako ostatu-zerbitzua eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden migratzaileei arreta emateko.
Bestalde, Berriz urratsak ematen ari da klima-aldaketaren aurrean, Oizko parke eolikoarekin, udal-instalazioetako eguzki-plakekin eta birziklatze- eta konpostatze-politikekin. Eta bide batez, herriaren behar berrietara egokitu da eta "Nagusien Etxea" Adinekoentzako zentro berria zabaldu du.
Bitartean, Berrizburu aisialdirako eta entretenimendurako gune erreferente bihurtu da eta turismoari begira, udaletxe inguruan dagoen Berrizjauregi Lorategi Botanikoa; haritzek, pagoek, zedroek eta sekuoiek osatutako naturgunea.
Berriz, bere ondare historikoa berreskuratu eta zaintzeaz gain, bere kultura-, kirol- eta gizarte-jarduerengatik nabarmentzen da.

